XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lau hilabete dira, emakumea, berehala pasako dira, lau, ulertzen?, besterik ez.

Baina gezurretakoa zirudien azken agur hartan inork ez zuen ezer ulertzen; aitak ez zuen konprenditzen, baina bost axola zitzaion, semearen irrigura, ongi egin jauzi aita goi haietan, egin ezak barre, gero nerekin etorri nahiko duk; emazteak ez zuen entenditzen nondik zuen gizonak ihes egiteko halako grina, horren zahartua al nago bada ni?; eta semeak, berriz, ezin zituen aitaren poz itsua eta amaren ardura negartia aditu, ondo etorriko zaizkio opor batzuk, ama; bai, seme, erabat erotzen ez bazaigu behintzat...

Eta Jumbo erraldoia lur gris tristea batere penarik gabe utzirik abiada laster eta zaratatsuz zeru goietarantz harro abiatu zenean, muturra tente, Carlosen gogo bero eroa ere gorantz hegatu zen ordurarteko bizimodu narratsari adio laster aringarria egin nahirik.

Aupa, Carlos, emazte lurtar xume horrek lotuta bizi izan haiz orain arte, hegoak apal, baina amaitu duk, gora animo hori.

Eta begiak amorruz itxita, gogoeta suarrei jarraiki nahi zaie aguretzen hasitako Carlosen arima askatu berria.

Helbururik gabeko egunerokotasun alfer arreak betetzen du bizitzaren erreka grisetik atera nahi ez duen jende xume pobrea.

Ai, Felisa, hori da bizitza alfer-alferrik gastatzea.

Zer nahi zenuen, ni ere zure egunerokotasun koloregabe horretan itotzea?

Jaiki, kaleratu, goizeroko bazterretatik arratseroko txokoetara ahal duzun bezala narrastu, ilunarekin batera oheratzeko garai epela noiz etorriko zain.

Eta besterik ez. Apartekorik ez.

Ez, ez, Felisa, nik gorago igo nahi dut; (...).